XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ERASOA EZ DA BETI BABESGARRIRIK ONENA

ERASOA da babesgarririk edo babeskuntzarik onena esan ohi da.

Eta halaxe da askotan.

Baina ez beti. Kontrarioa indartsuagoa eta egoera eta baldintza hobeetan denean, erantzuten eta borrokan hastea baino hobe da ihes egitea eta gordetzea, une egokiagoa iritsi zain.

AEKri ere erasoa dela babeskuntzarik eta zuribiderik onena iruditu zaio.

Zigorraren bidegabekeria nahi izan du salatu, batik bat, HABE ere hilketa eta bahiketa jokoez baliatzen dela ohartaraziz.

Beste edozein hizkuntzaren irakaskuntzan ere eguneroko bizitzari lotutako joko bizi-biziak erabiltzen direla adieraziz.

Eta irakaskuntza soilaren aldetik ez du bide horrek inolako aitzakiarik, jakina.

Baina irakasbideen egokitasunaz gainera beste zerbait gehiago ere izan beharko da kontuan, noski, Ingeles akademia batean ariketa bat bahiketa izateak ez luke ezeren marmarrik, eztabaidarik eta istilurik sortuko.

Ingelesari kalte egiteko asmotan ez behintzat.

Alferrik izango bailitzateke.

Euskarazkoetan ere ez dirudi Hegazkinaren bahiketa batek ezer susmagarrik sortuko lukeenik, hemen ez baita hegazkinik bahitzen.

Eta Euskadiren izenean egiten ez diren beste ankerkeria eta sarraski askok ere ez dute inolako susmabiderik sortzen, nonnahi gertatzen eta edozein ideologiatakoak eginak direnez.

Oso adibide jakin batzuk gerta daitezke hemen istilutsuak eta euskarari erasotzeko aitzakia paregabea ematen dutenak.

Adibide labain horietan izan behar da kontuzko, euskararen eta euskalgintzaren kaltetarako aitzakia ez daitezen.

Eta HABE ere zulo berdinean erori izan dela salatzeak ez gaitu arrisku horretatik libratuko.

Ezta pedagogiaren aldetik argibide guztiak emateak ere.

Euskararen aldeko eta borondate xaloko batzuk bakarrik izango baitira pedagogiaren aldeko arrazoi soilak onartzeko prest.

Tu quoque, HABE! salatuz, beraz, ez dugu euskararekin edo euskararen inguruarekin uzkur, sinesgor, irudikor, fidakaitz eta etsai denik lasaituko, sinesberatuko eta adiskidetuko.

Alderantziz. Zenbat eta etsaiaren ustezko gaitza toki gehiagotara zabaltzen dugun orduan eta uzkurkeria, fidakaizkeria eta etsaikeria haundiagoa sortuko dugu.

Eta alde horretatik jokabide oso arriskutsuan sartu da AEK, etsaiari aztarna berriak ematen ari baita.

Informazio horretaz oso ondo baliatuko den bat baino gehiago izango da, zoritxarrez.

Denbora asko baino lehen jasan beharko ditugu eraso berriak.

AEKrentzat berarentzat ez dakit, euskararentzat, euskalgintzarentzat eta abarrentzat behintzat, erasoa ez da izan oraingo honetan babesgarririk eta babeslekurik onena.

Hobe zukeen isilik egon balitz edo beste era bateko argibideak eta azalpenak eman balitu.

Baina saldukeriatzat eta bigunkeriatzat joko lioteke barruko askok jokabide hori.

Eta erasoa iruditu zaio babesgarririk onena.

Erasorako baliabide ahulak dituela ohartu gabe; kontrarioak, berriz, indartsuak.

Are okerrago, bere erasoan etsaiarentzat aztarren baliagarriak utzi dituela ohartu gabe.

Euskararen kontrako bidegabekeria eta zapalketetan ausart eta irmoak izan behar dugu, jakina.

Izan ere, Gernikako arbitroaren larderia, euskararen aldeko larderia baino mesedegarriagoa zaigu.

Bidegabekeria eta zapalketa zuritzeko biderik, arrazoirik eta aitzakiarik ez ematen oso arretatsuak izan behar dugu, beraz.

Eta horretarako bide eta estakuru diren aztarna guztiak ezabatu behar ditugu ikasmaterialetatik.

Gernikako arbitroaren larderia euskararen aldeko larderia baino mesedegarriagoa da